
DATUAK
-Nola sartu zinen zu Ez dok hamairun?
-Kantatzea gustatzen zitzaion Orioko gazte bat nintzen garai hartan eta neure kontura nenbilen. "La voz de España" egunkariak antolatzen zuen artista berrien lehiaketara aurkeztu nintzen. Emanaldian neure "popurri" bat kantatu nuen Beatles eta beste talde batzuen euskarazko bertsioekin. Duela 43 urte gertatu zen hori eta "en vascuence" abesten nuela-eta nabarmendu egin ninduten. Orduan, Mikel Laboak bilera batera joateko deitu zidan. Kataluinian katalanez kantatzen zuen talde bat bazela eta mugimendu haren berri eman nahi zigutela esan zidan. Nik ez nekien zer gertatuko zen bilera hartan baina joan egin nintzen informatze aldera. Bilera hartan ikasleak zeuden eta Raimon kantaria eta beste batzuk ikusi nituen gai sozialak kantatzen. Horixe izan zen mugimenduarekin izan nuen lehenengo harremana.
-Zer gertatu zen ondoren?
-Bilera batek bestea ekarri zuen. Mota askotako jendea zegoen bilera haietan. 'Jarrai' antzerki taldea zegoen, dantzan aritzen zirenak, bi apaiz ere ikusi nituen sotana eta guzti. Ez nuen gehiegi ulertzen guzti hura baina senak esaten zidan jarraitu egin behar nuela bertan. Begiak ireki nituen gauza berri batera.
-Kantagintza baino zerbait gehiago izan zen Ez dok hamairu, ezta?
-Ez dok hamairuren inguruan disziplina ezberdinak bildu ziren: dantza, antzerkia, txalaparta, olerkigintza... Kontzientzia berri bat sortu zen eta eta jendea idazten, antzezten... hasi zen. Ez zen kantagintza bakarrik izan, halako biltze multidisziplinarra izan zen eta mugimenduak disziplina guztiak irentsi zituen. Izan ere, Ez dok hamairu mugarri bat izan zen. Izen bereko ipuin haren metaforak definitzen du: honaino iritsi gara; aro bat bukatu da eta berria hasten da. Ez dok hamairu aro berri baten izena da. Gauza asko sortu eta plazaratu ziren eta nolabaiteko homologazio bat lortu zuen euskal kulturak.
-Kantagintzaren profesionalizazioan lehen urratsak eman zirela esaten da...
Gaur egun oso ondo ikusia dago Ez dok hamairu, jerarkia kutsu bat du. Baina garai hartan kritikatuak ere izan ginen kitarra elektrikoak erabiltzeagatik adibidez. Kontuan izan behar da 1965a zela eta orduan euskal musikagintzan ez zegoela ezer. Otxoteak eta koruak zeuden baina gauza modernorik apenas, Beatles-ak imitatzen zituzten batzuk salbu. Kontzertuak modu prekarioan eman genituen, baina hasieratik pentsatu genuen ez genuela modu zabar batean aritu behar; bitarteko teknikoak hobetu behar genituela eta azpiegitura aldetik ahalegina egin behar genuela uste genuen. Ez genuela udaberriko loreak izan behar argi genuen, iraungo zuen zerbait jarri behar genuen martxan. Kantagintzari dagokionez, Ez dok hamairu izan ez balitz, agian, gaur egungo errealitatea ez zen daukaguna izango. Gaur egun normaltasunez lantzen dira euskaraz rock, pop edo beste estilo batzuk, ordukoa eraginkorra izan zelako. Gazteek agian ez dakite zehazki zer izan zen Ez dok hamairu baina galdetu egiten dute. Haren itzala gainean somatzen dute.
-Ez zitzaizuen garai erraza egokitu, ordea.
-Esperientzia asko bizi izan nituen nik. Orduko Espainiako erregimena frankista zen eta oso militartua zegoen. Hasieran, despistatu samar ibili baziren ere, jendea ekitaldietan biltzen hasi zenean, zentsuraren filtroa pasa behar genuela erabaki zuten agintariek. Abestiak aurrez pasatu behar genizkien ea baimentzen zizkiguten jakiteko. Jakina, gu gure tranpatxoak egiten saiatu ginen zentsura saihesteko. Baina debekuak jasan genituen. Ni neu, adibidez, urte eta erdi kantatu ezinik egon nintzen Gipuzkoan eta gero Bizkaian ere antzeko debekua ezarri zidaten.
-Nola bukatu zen Ez dok hamairu?
-Mugimendua filtratzen joan zen eta definitu egin zen. Batzuek kontzientzia hartu zuten eta haiek osatu zuten Ez dok hamairuren bizkarrezurra. Baina mugimendu hura bereganatu nahi izan zuten zenbait sektorek, eragin handia zuelako. Iritzi bihurriak, taldekideen errezeloak jasan behar izan zituen eta horiek barnea pitzatu zuten. Horregatik hautsi zen Ez dok hamairu. Arrazoiak aztertzen hasiko bagina, kasik lotsatu egingo ginateke. Heldutasun eza erakutsi genuen eta ez genuen trinko jokatu. Denboraren perspektibarekin begiratuta, guzti hori ikasi egiten da eta ikasgai ona da.





